Nor gara?
Itsaso eta Irune Elizagoien (Etxalar, 1995 eta 1993) Elizagoien ahizpak bezala ezagunak. Txikitatik daukagu soinurako afizioa gure lehengusinarengandik jasota. Gurasoek gure gogo horretan sinistu zuten eta 5 eta 7 urterekin instrumentuak eskuratu bezain azkar murgildu ginen mundu honetan.
​
2002an sartu ginen txapelketa munduan. Etxalarko txapelketarekin hasi, Gipuzkoako hainbat herritakoekin segitu eta Bizkaikoetara iritsita, bakoitzak 27 txapel jantzita, 2015eko Zeanuriko txapelketarekin eman genion agurra gure bizitzako etapa honi.
2008an Baleike erromeria taldea sortu genuen, gerora Dantzadi izena hartu eta trikiti, pandero, baju eta bateriarekin zortzi denboraldiz plazaz-plaza ibili ginena.
​
2015 bukaeran Carlos Nuñez gaita jole gailegoarekin kolaboratzeko aukera izan zuen Itsasok. Carlos Saura zinema zuzendariaren “La Jota” filmeko kantua grabatu zuten Madrilen eta geroztik bere kontzertuetako musikaria da.
​
Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak ateratzen zuen Geure Kolkotik disko bilduman parte hartzeko aukera ere izan genuen 2016an, bertze 4 bikoterekin batera guk sortutako 3 pieza grabatuz.
​
Gaur egun Elizagoien ahizpak bikote moduan gabiltza herriz herri. Erromeria, sagardotegi, auzoetako besta, kantu bazkari, inauteri, bertso afari, ezkontza... Egiten duguna gustatzen zaigu eta izugarri gozatzen dugu zuek dantzan ikusita.